| |
|
|
|
 |
| |
GATAZKAREN
HASTAPENAK: ESPAINIAKO GERRA ZIBILA |
 |
 |
1936ko
uztailaren 17-20. Lau egun nahikoak izan ziren kaosa sortzeko. Lehen
orduek segurtasun eza, beldurra eta zalantza ekarri zituzten. Leku
batzuetan bortizkeria nagusitu zen kaleetan, eromen kolektiboko
uneak, alegia; talde bakoitzak aurkakoa suntsitu nahi zuen. Poliki-poliki,
garbi eta argi ikusi zen noraino aldatu zen errealitatea. Jada ezin
zen inorako trenik hartu, batzuek ezin zuten beren ingurukoekin
komunikatu, beste batzuk oharkabe pasatu nahi zuten eta askok ihes
egin nahi izan zuen baina ez zuen lortu.
Espainia gerran zegoen, lurralde lagunetan eta etsaietan banatuta.
Jatea, lan egitea, pentsatzea besteekin eta ingurukoekin harremanak
izatea, jada ez ziren ohiko gauzak. Bat-batean bakea desagertu egin
zen eta horrekin batera bizitza bera.
“Espainiaren
zoria aurpegi ala gurutzera jokatu zen eta alderdi bakoitzak bere
egia aldarrikatzen zuen. Bi egia haien artean bat zetorren gauza
bakarra bateraezintasuna zen”.
Rafael Abella-ren La vida cotidiana durante la Guera
Civil.
|
 |
| |
GERNIKAKO
BONBARDAKETA |
 |
| |
Gernikarrek
hasiera hasieratik ezagutu zituzten gerraren kalte eta ondorioak,
nahiz eta gerrako lehen hilabeteetan gerra-kanpainak herritarren
arteko harremanak eta giroa gehiegirik aldatu ez. Hasiera batean,
herriko giroa pixka bat nahasia bazen ere, herritar batzuen atxiloketek
giroa gehiago okertu zuten. Gero, Gernikako gazteak gudarien batailoietara
joaten hasi ziren. Lehenengo kinta haiek mobilizatu ondoren, herriko
enpresak militarizatzen hasi ziren eta elikagaiak eta premiazko
gauzak murrizten.
Gerrako fronteak hurbiltzen ari ziren heinean, gerraren ondorio
zuzenak areagotzen hasi ziren. Lehen errefuxiatu zibilak iristen
hasi ziren eta erretiratzen zetozen gudarien lehen batailoiak ere
agertzen hasi ziren. Karmeldarren ikastetxean gerra-ospitale bat
jarri zuten. Gatazkari buruzko lehen albisteak zurrumurru kezkagarriekin
iristen ziren. 1937ko martxoaren 31n Francoren armadak Durango bonbardatu
zuen eta herritarren artean izua nagusitu zen. Herriko agintariek
aireko erasoen kontrako babeslekuak eraikitzea agindu zuten. Hala,
1937ko apirilaren 26an iritsi zen eguna. Astelehena. Azoka-eguna.
“Eguerdi
aldera urduritasuna nagusitu zen, hegazkinak pasatzean kanpai-hotsa
entzuten zelako nonahi eta, gainera, Durangon gertatu zenarekin
nahiko beldurtuta geundelako.”
Cava Mesa, Ma Jesús et Alii. Memoria colectiva del bombardeo
de Gernika
“Babeslekutik
atera eta hango egoera ikustea ikaragarria izan zen. Eriabarrena
sutan, dena zen sua. Denak ikaratuta. Ez genuen inoiz asmatuko
holakorik gertatuko zenik. Herri osoa sutan¡ Beldurraren
beldurrez sur eta lur gelditu ginen.”
CAVA MESA, Ma Jesús et Alii. Memoria colectiva
del bombardeo.
|
 |
| |
AIREKO
ERASOA. BONBARDAKETAREN ALDERDI MILITARRAK |
 |
| |
Lehen
hegazkinak arratsaldeko laurak aldera urratu zituen Gernikako zeruak,
hiruzpalau bonba jaurtitzeko. Handik hamabost minutura hasi zen
lehen bonbardaketa; hiru hegazkin agertu ziren triangelu-formazioan
nahiko behetik. Hala hasi zen hiru ordutik gora iraun zuen Gernikako
bonbardaketa sistematikoa.
Gernikako bonbardaketaren alderdi teknikoak oraindik ere historia
garaikideko gairik liluragarrienetakoa da. Gernikako suntsiketa
Alemaniako Cóndor Legioak eta Italiako aire-indarrek burutu
zuten, Errepublikaren kontra altxatutako armada frankistaren agindupean.
Horiek oso taktika militar suntsigarria erabili zuten eta ondorioz
Gernika historian sartu da erabateko gerraren lehen saiakera jasan
zuen herri bezala.
“Hegazkinak
Gasteizko aireportutik ateratzen ziren, itsasertza gainditzen
zuten eta gero buelta eman eta Oka ibarrean gora jarraitzen zuten,
hau da, iparraldetik hegoalderako bidea egiten zuten. Badirudi
hiru motatako hegazkinak aritu zirela bonbardatzen: Heinkel 111,
Junker 52ak bonbardaketarako eta Heinkel 51ak ehizatzeko eta metrailatzeko.
Uste da bi alditan aritu zirela, txandaka. Guztira zenbat hegazkin
izan ziren ez dago garbi. Nolabait, zenbaki bat ematearren, aldi
bakoitzean bonba-jaurtitzaile eta ehizakoak guztira 15-20ren bat
hegazkin ibili ziren. Nahikoa. Taktika, lehenbizi bonba birrintzaile
arruntak jaurtitzea, gero bonba su-eragilez betetako bonba-mordoak
eta aldi berean kanpora ateratzen zen jendea metrailatzea, ez
bakarrik herriko jendea baita inguruetan zebilen jendea ere, edota
eskualdeko elizateetako jendea.”
Martínez Bande. Vizcaya.
|
 |
| |
|
 |
| |
HERRIAREN
BIRRINKETA |
 |
| |
Bonbardaketaren
ondoren Gernika erabat suntsituta gelditu zen. Airetik etorri zitzaion
erasoaz gain, Gernikak gertaera negargarri haren osteko orduetan
etorri zen haizeak zabaldu zuen suteari egin behar izan zion aurre.
Zaila da gaur egun oraindik galdutako bizitzak zenbakitan ematea;
hala ere, ikerle batzuek egin dituzten azterketen ondorioz, esan
daiteke hilak 250 inguru izan zirela eta zaurituak ehunka. Gehienak
babeslekuetan hil ziren edota mendian zehar ihesi zihoazela metrailatuta.
Gaua etorri zenean, gernikar askok oraindik su-garretan kiskaltzen
ari zen herritik alde egitea erabaki zuen. Anabasa hartan inork
ez zuen jakin esaten zenbat lagun, senide edo herritar hil ziren
bonbardaketaren ondorioz.
Eraikin gutxi gelditu ziren zutik. Etxe apur batzuk, arma-fabrika,
Errenteriako zubia, Juntetxea eta Gernikako Arbola oso-osorik gelditu
ziren mundu guztiaren harridurarako; Andra Mari eliza ere onik atera
zen.
Gernikaren hiri-profila guztiz ezabatu zen, erabat; dena gelditu
zen harri- eta adreilu-zaborrez estalita. Eriabarrena, frontoia
eta San Juan bulebarra jada beren bizitzako uneren batean handik
ibili zirenen oroimenean baino ez ziren gelditu, zoriontsuak bestalde
ezbairik gabe.
“Bonbardaketa
amaitu eta gero, jendea babeslekuetatik irteten hasi zen. Inork
ez zuen negarrik egiten. Beren aurpegietan harridura baino ez.
Ezin genuen ulertu ikusitakoa. Iluntzean oraindik ezin zen ezer
ikusi 500 metrotik harantz. Bazter guztietan zen sua eta kea,
ke beltz eta lodia.”
Alberto de Onaindía. Hans Christian Kirsch-ek jasoa bere
Der Spanische BŸrgerkrieg in Augenzeugenberichte
liburuan.
|
 |
| |
|
 |
| |
GERNIKAREN
OKUPAZIOA |
 |
| |
Bonbardaketaren
ondorengo hirugarren egunera sartu ziren tropa nazionalak Gernikan.
Armada frankistan era guztietako soldaduak ziren: italiarrak, alemanak,
mairuak eta erreketeak. Horiek sartu zirenerako jende asko jada
herritik ihes eginda zegoen errepresaliaren beldur, batez ere herrian
errepublikanotzat eta nazionalistatzat ezagutzen zirenak. Okupazioaren
lehen egunetan soldaduek ogia eta janariak banatu zituzten jendearen
artean, baina laster etorri ziren gosea eta errazionamenduak.
Tropa mairuak herriko zenbait lekuetan banatu zituzten; horietako
bat hain zuzen Andra Mari eliza izan zen. Haiek beste leku batzuetara
eramanda gero emakume gernikarrak leku profanatu horiek garbitzera
behartu zituzten. Irain horrek urratu zituen gehien, segur aski,
emakume haien oroimenak.
|
 |
| |
BONBARDAKETAKO
BIZIPENAK |
 |
| |
Bonbardaketak,
ustekabean Gernikako biztanle guztiak harrapatu zituen. Arriskuaz
jakinaren gain zeudenek ere, ez zute inoiz pentsatuko hain eraso
bortitza jasoko zutenik. Lehenbiziko bonbak erori zirenean jendeak
bere ustez lekurik seguruenetara jo zuen edota hurbilen zeuzkaten
babeslekuetara. Herriko babeslekuez gain, jendeak fabriketara eta
lantegi eta etxeetako sotoetara jo zuen, ahal zuenak ahal zuen lekura
jo zuen babes bila. Beste batzuek nahiago izan zuten herritik aldendu
eta mendian ezkutatu ziren, sasi artean, baratzetan eta baserrietan,
baita edozein zulotan ere.
Bonbardaketaren bizipena ikaragarria izan zen denentzat; beldurra,
estutasuna, larrialdia, segurtasunik eza, zalantza eta babesik eza.
Gernikar askok aireko erasoak iraun zuen ordu luze haiek beren inguruan
ikusten ez zituzten lagun maiteen kezkaz bizi izan zituzten. Ordu
latz haietako bizipenak kontatu ahal izan dituztenek babeslekuetako
itolarria, umeen negarrak eta otoitzak gogoratzen dituzte. Erasoa
amaitu zenean, nahasmena, zalantza, sinistu ezina eta harridura
sentitu zuten, inoiz sinistuko ez zutena ikustean.
“Arratsaldeko
lau t’erdiak aldera, aipatu likidazioko batuketak egiaztatzen
ari nintzela San Juan kaleko kontratisten bulegoan [...], han
geundenok hegazkin bat ikusi genuen herriari biraka; hegazkin
hark herriko hiru bat lekutan hiruzpalau bonba bota ondoren Zornotzarako
bidea hartu zuen. Azoka-eguna zenez jende asko etorri zen Gernikara.
Eta jende hura, bonbak ikustean, ikaratu egin zen eta babeslekuetara
jo zuen edo inguruko baso eta baserrietan ezkutatzera. Ni sotoetan
egin genituen babeslekuetan gorde nintzen eta han eutsi ordu bete
bat inguru etengabeko bonbardaketa hari.
[...]
Bonbardaketak arratsaldeko zortziak laurden gutxiagora arte iraun
zuen. Babeslekutik irten nintzenean sutan ikusi nuen neure autoa,
su-bonba bat erori zitzaion gainera; orduan trenbiderantz jo nuen
arma-fabrikara, ea han zer gertatu zen ikustera... . Harrituta
gelditu nintzen, hegazkinek arma-fabrikari ukiturik ere egin ez
ziotela ikusi nuenean. Gernika hartu eta gero arma-produkzioak
jarrai zezan. Juntetxea eta Gernikako Arbola ere libre atera ziren
bonbetatik, ezbairik gabe, tropa frankistekin zetozen soldadu
euskaldunen eta batez ere nafarren protestak ekiditeko".
Castor Uriarte, Bombas y mentiras sobre Guernica
|
 |
| |
BONBARDAKETAREN HEDAPENA |
 |
| |
1937ko
apirilaren 26 hartan Gernikan gertatu zenaren hedapena eztabaida
sakonen iturria izan zen hasiera hasieratik. Lekuko batzuek, Euzkadi
gobernuko eta gizarteko ordezkari nagusi batzuk tartean zirela,
mundu guztiaren aurrean salatu zituzten bai Gernikako bonbardaketa
eta birrinketa bai gertakizun horietan gudaroste alemanek eta frankistek
izan zuten erantzunkizuna. Albistea Europako komunikabide nagusienetan
agertu zen, zenbait kazetariek berehala ekin ziotelako gaiari; horien
artean George Steer nabarmendu zen.
Bando nazionalak inoiz ez zuen onartu erantzunkizuna hori, aitzitik,
frogak trukatu zituen eta prentsa frankistaz baliatu zen bonbardaketa
lotsagarri haren errua euskal errepublikanoei rojos-separatistas
botatzeko: Bilborantz erretiratzean su eman omen zioten herriari.
Espainiako armadak gaur egun oraindik ez du onartu Gernikako bonbardaketan
izan zuen erantzukizuna.
“Denok
epaitu behar gaituzten Jainkoaren eta Historiaren aurrean, nik
diot hegazkin alemanek hiru ordu eta erdiz bonbardatu dituztela
Gernika hiribildu historikoan inolako defentsarik gabe zeuden
biztanleak, ordura arte ezagutu gabeko krudelkeriaz, herria errauts
bihurtzeraino, eta emakume eta haur asko eta asko metrailadorez
hil dituztela, gainontzeko herritarrek izuak hartuta ihes egin
behar izan dutelarik”.
José Antonio Aguirre. Euzkadiko gobernuko lehendakaria.
“Aguirrek
gezurra dio. Gernika Espainiakoa den guztia bezala errespetatu
dugu”.
Francisco Franco.
“Salamancako gobernu nazionalak argitaratu duen deklarazioa,
Gernika gorriek suntsitu dutela esaten duena, gezurra da goitik
behera. Nik neuk Gernikako 20 errefuxiatu baino gehiago elkarrizketatu
ditut bonbardaketa gertatu den gau bertan. Eta bonbardaketan parte
hartu zuten hegazkinen kopuruari buruz izan ezik, elkarrizketatu
guztiak bat datoz ematen dituzten xehetasunetan. [...] Gernika
hegazkin alemanek suntsitu dute eta hori demostratzeko zera diot:
herri guztia eta suak desegin ez dituen etxeetako teilatuak bonbek
egindako zuloz josita daude, eta ni eguerdian Gernikan izan naizenean
herriko teilatuetan ez zegoen inolako zulorik. Zuhaitzak erro-errotik
atera dituzte bonbek eta zuhaitz-adarrak azalik gabe ikus daitezke
metrailaren eraginez... Nirekin hara joan den kazetari batek hiru
bonba jaso ditu, hirurak alemanak, 1936ko datadunak. Mundu guztiak
daki herrian babeslekuan sartu den emakume eta ume talde handi
batek hegazkinen bonba-erasoak jaso dituela eta horiek ez zirela
inolaz ere gorriek erre nahi zuten babesleku batean sartuko...
Ni Gernikan gaueko ordu bat t’erdiak arte egon naiz eta
han ez dut petrolio usainik hartu... Gernika herriaren zati handi
bat jada ez da errauts-pila bat, zabor-pila bat baizik.”
George Steer, The Times, 1937ko maiatzaren 6a
|
 |
| |
GERNIKA
GERRA-OSTEAN FRANKISMOA ETA ERREPRESIOA |
 |
| |
Frankismoaren
lehen urteetan ekin zioten Gernika berreraikitzeari. Lan haietan
agustindarren ikastetxean atxilotuta zeuden preso politikoek eta
soldatapean ari zirenek parte hartu zuten. Lanak bost urte luzetan
burutu ziren eta, paradoxa badirudi ere, Gernika birrintzearen errudun
nagusia, Francisco Franco, herriko seme kutun izendatu behar izan
zuten. Eraikinak jaso zituzten baina horien eta kale eta lorategi
berrien diseinuak ezin izan zuen suntsiketa hartan galdutako guztia
berreskuratu. Gerra aurretik Gernikan zegoen lagun-giroa nahastuta
gelditu zen eta hala jarraitu zuen urte luzetan. Frankismoak errepresio
ideologiko eta kultural gogorra jarri zuen. Arau eta jokabide berriak
agindu zituzten; salaketak eta erregistroak eguneroko gauza ziren
eta ezertxo ere ez zen gelditzen Guardi Zibilen begirada zorrotzetik
kanpo. Gernikarrek beldurra, mesfidantza eta elkarrenganako errezeloak
nozitu behar izan zituzten. Inork ez zuen berriro ikusterik izan
Gernika ireki eta maitagarri hura.
Hala ere, diktadurak iraun zuen urte luze guzti haietan Gernikak
euskaldunen askatasunen sinbolo eta ikur izaten jarraitu zuen, eta
1964an bertan egin zen Aberri Egunak bi mila lagun bertaratu zuen.
“Elkarrenganako
mesfidantza handia zen. Hori gerra-osteko kontua zen; gerra aurretik
denok ginen berdinak. Gero poliziak, isilmandatariak (...) Jende
asko sartu zuten kartzelan. Beldurra nagusitu zen Franco hil arte.”
CAVA MESA, Ma Jesús et Alii. Memoria colectiva
del bombardeo de Gernika
|
 |
| |
ADISKIDETZE
BIDEAN |
 |
| |
Adiskidetzea
gaur egun funtsezko erreminta da gatazkak konpontzeko eta, erreminta
bezala, adierazpen aberatsa eta aldi berean konplexua du. Hala ere,
denok dakigu adiskidetzeak lehen etsaiak zirenak orain lagun bihurtzea
adierazten duela. Baina horretarako premiazkoa da erasoa egin duenak
bere errua onartzea eta iraganean egin zituen kalteen erantzukizuna
onartzea.
Gernika gaur egun adiskidetze aurreratuaren adibide garbia da; prozesua
oraindik ez da amaierara iritsi, baina ibilbidea ere luzea da. Hasiera
batean, oztopo eta eragozpen asko zeuden, Alemania asko atzeratu
zelako kaltea konpontzeko lehen urratsak emateko bidean.
Gernikako bonbardaketan Alemaniak izan zuen partaidetza onartzea
1989an gertatu zen, Herzog lehendakariak gutun bat bidali zienean
oraindik bizirik zeuden gernikarrei. Gutun hartan, Alemaniak 1937ko
bonbardaketan izan zuen erantzukizuna onartzen zen. Egintza sinboliko
hura jende eta instituzio askok egindako lanaren emaitza izan zen;
gestio, itxaropen eta artegatasun askoren emaitza. Gaur egun gernikarrak
Alemaniako Pforzheim hiriarekin anaikidetuta daude, garai batean
bere erasotzailea izan zen herriarekin elkar ulertzeko eta elkarri
laguntzeko bide berriak garatzen ari dira. Ez da justiziarik egin,
baina adiskidetzeko bide berri bat ireki da, Gernikako oroimena
bizirik gordez.
“Eta
su, metraila eta heriotza zaparrada jaurti ziguten. Eta gure herria
suntsitu zuten. Eta gau hartan jada ezin izan genuen gure etxean
afaldu, jada ezin genuen gure ohean lo egin. Jada ez genuen bizilekurik.
Ez genuen etxerik. Baina gertakizun tamalgarri hark ez zuen gugan
gorroto edo mendeku sentimendurik piztu, bake-gogo handia eta
ikaragarria, baizik. Halako gertakizun lazgarririk inoiz berriro
ez gertatzeko desioa. Eta gure herria izan zeneko hondakinetan,
munduko herrialde guztientzako bakearen bandera jasotzeko erabakia”.
Alemaniako Errepublika Federaleko lehendakariak erantzukizuna
onartuz bidali zuen gutunari bizirik zirautenek emandako erantzuna.
|
 |
| |
Gernikako Bonbardaketari buruzko bibliografia |
| |
|
| |
Informazio
gehiago nahi izanez gero, Gernikako Bonbardaketari buruzko Dokumentazio
Zentruarekin (dokumentaziozentrua@gernika-lumo.net)
jarri kontaktuan. |
| |
|
|
|