ekintzak. Gernikako bakearen museoa fundazioa
Logo de Google
GernikakoBakearenMuseoaFundazioa
Mas

Gernikako Bakearen Museoa

actividades museo
Hasiera >> Ekintzak
Historikoa
Itsasoratze Artibistaren 8. edizioa. Ekonomia Urdina (Blue Economy)
2016/06/17
  • ..
  • ..
  • ..
  • ..

Aurkezpena

Gunter Paulik (ZERI, Zero Emissions Research Initiative sare globalaren fundatzaile eta zuzendaria) sortutako paradigma ekonomikoa da ekonomia urdina (Blue Economy). Ekonomia Urdina eraginkorrak izan ez diren ereduetatik haratago doa: finantza ekonomia, kredituan eta zorrean oinarritua; eta ekonomia berdea, ingurugiroa inbertsio handien bitartez zaintzen saiatzen dena. Ekonomia urdina milioika urtez naturak metatutako ezagutzaz baliatzen da; “tokian tokiko baliabideen” erabilpena proposatzen du; eta ingurugiroaren arazoak elkartu eta naturaren prozesuekiko koherente diren konponbide zientifiko irekiekin konektatzen ditu. Bere helburua elkarrekintza onuragarriak sortzea da, ingurugiroarekiko, gizartearekiko eta ekonomia globalarekiko. Ekonomia Urdinak prozesu industrialak teknologia sinpleago eta garbiagoetarantz bideratzea iradokitzen du, kostu energetiko altuko baliabideak erabili ordez; eta gizarte osoa eraldatzeko asmoa dauka eskasiatik oparotasunera.

8. Itsasoratze Artibista dela eta, Ekonomia Urdinaren hiru ordezkari gonbidatuko ditugu Euskadiko Biodibertsitate Zentrora: Siemen Cox , RotterZwam hiri nekazaritzako enpresaren sortzailea (Rotterdam); eredu hau Lea-Artibai eskualde bizkaitarrean abian jartzen ari den Azaro Fundazioa ; eta Alexander Prinsen , Ekonomia Urdinean aditua eta Gunter Pauliren kolaboratzailea.

Ekainaren 17a, ostirala, 18:00-21:00
(Madariaga Dorretxea, Euskadiko Biodibertsitate Zentroa, Busturia)

Elkarrizketa Biribil bat egingo dugu. Horretan, eragile sozial eta ekonomikoekin batera jesarrita, Siemen Coxek eskala ‘glokaleko’ kasu bat aurkeztuko digu, Azaro Fundazioak bertako mailako ikuspuntua , eta Alexander Prinsenek espektroa irekiko du Ekonomia Urdinaren zenbait aplikaziotara. Biribilaren helburua honakoa da: testigantza hauek, bertako eragileei galderak eraginez eta elkarrizketak piztuz, geure bertako ekonomi sistemaren “ikuspegi urdina” inspira dezatela.

Ekainaren 18a, larunbata, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00
(Madariaga Dorretxea, Euskadiko Biodibertsitate Zentroa, Busturia)

Laborategi saioa egingo dugu. Laborategia Design Thinking-en bidezko ibilbide batean oinarrituko da. Hurbilketa posible bi egongo dira: 1) bertako (eskualdeko) enpresarien/eragileen kasuetatik eratorritako “Blue Economy” erronkak; eta 2) bertako edo eskualdeko lehengaiek eskaintzen dituzten “Blue Economy” aukerak. Erronka edota aukeren arabera bizpahiru fase igaroko ditugu: 1) erronken proposamena (desiragarritasuna/desirability); 2) erronketatiko ideien kristalizazio eta prototipatzea (egingarritasuna/feasibility); eta 3) aurrerantzeko bizpahiru pausuen xedapena (bideragarritasuna/viability).

GONBIDATUTAKO ERAGILEAK:

Siemen Cox (Rotterdam, Herbehereak)
«Bankuentzat eta Aseguru-etxeentzat 15 urte lan egin ondoren, hazkunde ekonomikoan eta bezeroarekiko arreta faltan ardaztuta, ez nintzen ostera ere alor horiekin konektatuta sentitzen. Aldatzeko garaia zen.
Zer gustatuko litzaidake egitea dirua eragozpena ez balitz? Laguntzea geure gizartea erresilienteago eta iraunkorrago egiten. Erlezaintzan, adobezko eraikuntzan eta permakulturan gaitu eta gero, zentzua aurkitu nuen ekonomia biribilean. Gunter Pauliren Blue Economy (Ekonomia Urdina) liburua inspirazio berezia izan zen.
2013ko urtarrilean RotterZwam sortu nuen, Rotterdam erdian kafe hondakinetatik belarri landuak (pleurotus ostreatus) hazten dituen enpresa. Belarri landuak (elikaduran eta gastronomian balio handikoak) Rotterdameko jatetxe eta supermerkatuetan banatzen ditugu.
Dakigun guztia dagoen literatura guztia ikastetik, eta saiatze eta huts egitetik ikasi dugu. Kode irekia gogoko dugunez, gure ezagutza guztiak munduarekin elkarbanatzen ditugu. Eta munduak bueltan elkarbanatzen dizkigu. Sare global zabala eraiki dugu eta beraz, badakigu zerk funtzionatzen duen ondo eta non.
Perretxikoen Ikaskuntza Sarea (Mushroom Learning Network) abian ipini genuen, Mushroom Master Egitaraua ostatu egiten dugu eta BlueCityren sortzailekideak gara. Jarduera hauen bitartez beste ekintzaile asko inspiratu nahi ditugu eredu hau mundu osoko hiri eta herrialdeetara eraman dezaten.»

Azaro Fundazioa (Lea-Artibai, Bizkaia)
Lea-Artibai eskualdean enpresa berriak sortu eta enpresa sarearen lehiakortasuna hobetzea helburu duen erakundea da. Eskualdeko enpresa-ehunaren berrikuntza horretan barne-ekintzailetza proiektuak bultzatzen ditu osasunaren, elikadura osasungarriaren eta ongizatearen (wellness) alorretatik. Horrez gain, Azarok eskualdeko enpresa ehunaren lehiakortasuna sustatzen dihardu ekintzailetza, lankidetza, berrikuntza, nazioartekotzea eta negozio eta kudeaketa ereduen berritzea direla medio. Lan honen ikuspegi metodologikoak oinarri bi ditu: tokian tokiko garapenaren ikusmoldea eta Blue Economy-a (Ekonomia Urdina). Zehazki, Azaro Ekonomia Urdinaren eredura hurbildu da Gunter Pauliren eskutik, eta gaur egun Lea-Artibai eskualdea, ekonomikoki bideragarriak eta ingurumen aldetik jasangarriak diren jardueren identifikazio eta ezarpen prozesuan murgilduta dago, hauen bidetik lanpostu berriak sortzeko.

Alexander Prinsen (Lur Planeta)
«Ikerlari independentea naiz, prestatzaile eta ekintzailea. Delfteko (Herbehereak) Unibertsitatean Ingeniari Zibileko titulua lortu eta hamar urtez talentu-bilatzaile korporatibo eta taldeen prestatzaile bezala lan egin nuen, pertsonei zein erakundeei beren asmoak lortzen lagunduz.
2014an neure MBA sortu nuen, Masters of Beautiful Achievements (“Lorpen Ederren Masterra”). Bizitzaren Unibertsitatean ikertzen dut fisika, kimika, biologia, manufakturagintza eta ekintzailetasuna (ber)ikasteko.
Mundu mailan topaketak eta praktikak egiten ditut enpresariekin, diseinatzaileekin eta zientzialariekin batera, haien ezagutzei, berrikuntzei eta negozio eredu jasangarriei buruz ikasteko.
Neure jagoleek hiru mila zortziehun milioi urtez metatutako jakintza duen natura inspirazio iturririk nagusiena bezala ikusten irakatsi didate. Naturak erakutsi diezaguke nola sortu berrikuntzak eta negozio ereduak hondakinak sortu gabe. Ekonomia Urdinak inspiratuta Naturaren, Biomimetismoaren, Kode Irekiaren eta Ekintzailetasunaren ezagutzak bateratzen ari naiz elikagaien, ur edangarriaren eta enpleguen ugaritasunez denontzako ongia egiten duten negozio aukera hobeak sortzeko.
Hizlari, moderatzaile eta aholkulari gisa lan egiten dut mundu mailan eskoletan, unibertsitateetan, enpresetan eta erakundeetan. Garaia da solasketa uzteko eta egiten hasteko: “egin ala ez egin, baina ez gehiago ahalegin”.»

Kontaktua

zuzendaritza.museoa@gernika-lumo.net

PDFs

Antolatzaileak

Gernikako Bakearen Museoa, Gernika Gogoratuz eta Donostia 2016

Laguntzailea: Madariaga Dorretxea

Erlazionatutako Ekintzak

Erlazionatutako Argitalpenak

    Itsasoratze Artibistaren 8. edizioa. Ekonomia Urdina (Blue Economy)

© 2018.GernikakoBakearenMuseoaFundazioa | COPYRIGHT | DATUEN BABESA | KONTRATAZIOAK | ERABILERRAZTASUNA