“ONDAREAREN BERRERAIKUNTZA GERRAONDOAN: “REGIONES DEVASTADAS” GERNIKAN”

Regiones Devastadas medianaRegioDevas peq

Gerra baten ondoren, kultura-ondarea hartu ohi da sarri berreraikuntza-lanaren gidaritzat. Horrek bi oinarrizko alderdi ditu: alde batetik, gerrak suntsitu duena konpondu, lehengoratu eta berreskuratu nahi izatea; bestetik, gizartea berreraikitzean mantendu nahi den iraganeko funtsezko leku, une, estilo eta balio multzo bat hautatzea. Bi prozesuok zer berreraiki nahi den hautatzea eskatzen dute, eta hortik historiaren aurkezpen selektibo bat eratortzen da. Eta are garrantzitsuagoa dena: bi prozesuok iraganaren berrinterpretazioa eragiten dute, historia berri bat eraikitzeko eta kontakizunok erreferentzia-balio berrikusi ofizialez janzteko. Azken batean, boterean daudenak legitimatzeko helburua duten estrategiak, biak ala biak.

Aldeetako bat gailentzen denean, irabazlea den aldetik, bera da berreraikuntzaren moduak eta funtzioak ezartzen dituena. Berreraikuntza-lana tresna gisa erabil daiteke, “gerra beste bide batzuen bitartez jarraitzeko”, bortizkeria eragiteko –gerrak sortutako zatiketak sendotzean eta ez zatiketa horiek ezabatzean–, eta “galtzaileak” zigortzeko. Horrek erakusten du ezin daitezkeela automatikoki berreraikuntza eta berradiskidetzea parekatu, eta gerraondoek ez dutela zertan horren baketsuak izan –guk nahi genukeen moduan–.

Hori horrela, ez dago “orri zuririk”, zeinaren bitartez gerraondoko gizarte osoki berri bat sortuko den, eta iraganak –haren arbuioak edo goraipatze selektiboak– pisua izaten jarraitzen du geroari begira hartutako erabaki eta ikuspegietan.

Beraz, erakusketa honen helburua hori ilustratzea da, eta erakustea gatazka beliko baten ondorengo kultura-ondarearen berreraikuntza hirien eta monumentuen lehengoratze hutsetik askoz haratago doala.

Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak , Gernikako bonbardaketaren inguruko Dokumentazio zentroarekin batera prestatu eta ekoitzia izan duen erakusketa honek, Dacia Viejo—Rose, Cambridge-eko Unibertsitateko andereñoa izan du komisariotza lanetan.

Erakusketa, testu eta argazki ugarik osatzen dute (orain arte hain ikusiak izan ez diren argazki oso interesgarriak) zenbait ataletan banaduta:

*Gerra Zibila: Kultura-ondarearen suntsiketa eta berreraikuntza

*Regiones devastadas: proiektu ikoniko batzuen adibideak (Brunete, Belchite, Toledo…)

* Regiones devastadas: Euskadiko beste adibide batzuk (Zornotza, Durango, Mungia, Eibar…)

*Regiones Devastadas –en zeregina Gernikan

*Propaganda, indarkeria kulturala eta biziraupena

Erakusketa honen data berdinetan, Gernikako Bonbardaketari buruzko Dokumentazio zentruak (CDBG) “Berreraikuntza gerra ondoren” deritzon erakusketa bibliografikoa antolatu du. Bertan, dokumentazio zentruak, gai honen inguruan dituen liburuak erakutsiko dira.

email

Tags: , , , , , , , , , , , , , ,

Deja un comentario

Debes estar logeado para postear un comentario.

A %d blogueros les gusta esto: