Liburu berria: “Memorias de piedra y acero”

Memorias de piedra y acero. Los monumentos a las víctimas de la Guerra Civil y del franquismo en Euskadi (1936-2017) liburua Jesús Alonso Carballesek idatzi du eta Gernikako Bakearen Museoak argitaratu du.

Liburu honetan, 30eko hamarkadaren bukaeratik gaur egunera arte Gerra Zibilaren biktimen oroimenez altxatutako monumentuen azterlana txertatu da, erakutsi nahi baita izan duten bilakaera euskal espazio publikoan.

Libro: Memorias de piedra y acero de Jesús Alonso Carballés.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaerara arte biktima frankistak nonahikoak izan baziren ere, biktima errepublikarren memoriak alderantzizko bidea egin du, pasa baitira diktadurak zigor bezala ezarritako ahanzturaren zulotik gaur egun ikusgarritasun ukaezina izatera.

Ez dira alderatu nahi, inola ere ez, ez biktimak ezta gatazkak iraun bitartean alde batek zein besteak eragindako presioak ere. Historiaren arloko lan askok erakutsi dute desberdintasun nabarmenak daudela, bai sorrera eta helburuetan, bai izaeran eta ohituretan ere.

Liburu honen bidez, memoriaren mugimendu pendularra nabarmendu nahi da, eta aztertu nahi da monumentuek izan duten egiteko nabarmena, memoria berrindartzeko orduan eta azken hamarkada honetan gizarteak biktima errepublikarrak aitortzeko orduan ere.

GERRAKO BIKTIMEN MEMORIA ETA MONUMENTUAK

Liburuak ageriko egiten du monumentu bakoitza bere garaiaren fruitua dela, garaiko gizarteak iraganarekin dituen harremanen adierazpena dela, hurbileko edo urruneko iragan hori berreskuratzea ezinbesteko elementua baita gizartearen identitatea eratzeko.

Memoriaren aldeko ekimen orok du izaera iragankorra eta aldi baterakoa, eta hori ageriko egiten du erakusketa honek, diktaduran zein demokrazian jasotako eta gatazka bereko bi aldeetako biktimen omenez egindako monumentuak bilduz. Ikusi dugu Gerra Zibila amaitu zenetik gaurdaino aldaketa bat izan dela, eta biktima frankisten memoriaren nonahikotasuna gainditu eta hark espazio publikoan zuen lekua biktima errepublikanoen memoriak hartu duela. Eta, gaur egun, horrek atzerako bidea hartuko duenik ez dirudien arren, inork ezin du bermatu azken memoria horrek etorkizunean iraungo duenik, izan beste memoria batzuk ager daitezkeelako edo izan etorkizuneko belaunaldiek interesa gal dezaketelako.

Azken hamarkadan ezohiko bultzada monumentala eman zaio memoriari, eta biktima horiei erantzun juridiko eraginkor bat emateko ezintasuna da, seguru asko, horren arrazoietako bat. Monumentuek ordezko-lanak egin dituzte, biktima horien aurkako bidegabekeriaren oroitzapenari bizirik eusten
baitiote espazio publikoan.

Portada Memorias de piedra y acero

Zentzu horretan, monumentuek modu eraginkorrean laguntzen dute erantzukizun hori ageriko egiten, aldi baterako bada ere.

Diktadura frankistaren biktimenganako justizia egitea ezinezkoa dela argi geratu denez, monumentuak egiteak, dimentsio memoriala ez ezik, justizia-dimentsio argi bat du. Justizia egiten dute, sinbolikoa bada ere, haiek hil zituztenak goresten zituzten ikurrak kenduta eta biktimen memoria modu eraginkorrean berreskuratuta. Frankismoaren amaieratik gaurdaino luzatu den bitarako prozesu horri esker, beraz, aurreko erregimenak baztertutako biktimak apurka-apurka gizarteratu dira, eta, horrez gain, zilegitasuna erabat kendu zaio indarkeriari eta frankismoaren herentziari. Joan den hamarkadan jasotako monumentuen egitekoa, azken batean, kalte haien ordaina ematea izan da, gizarteak kalte horiek aitortu izanaren ikur izatea, gatazka odoltsu haren azken lekuko zuzenak desagertu baino lehen.

email

Tags: , , , , , ,

Deja un comentario

Debes estar logeado para postear un comentario.

A %d blogueros les gusta esto: