GERRAREN TRIPTIKOA

Bilboko Arte Ederren Museoak Aurelio Arteta bilbotarraren “Gerraren triptikoa” artelan gonbidatua dauka gaur egun.

Gerraren triptikoa, Aurelio Arteta. (Argazkia: Bilboko Arte Ederren Museoa)

Web honetan irakurrita: http://www.museobilbao.com/eu/exposiciones/gerraren-triptikoa-205

Gerraren triptikoa 1937an pintatu zuen Aurelio Artetak (Bilbao, 1879–Mexiko Hiria, 1940), eta, bertan, gatazka belikoaren gordintasuna eta gerrak populazio zibilarengan dituen ondorio dramatikoak irudikatzen dira. Artetak, bere pinturan, tradizioa eta abangoardia uztartzen jakin izan zuen, eta konposizio koloretsu eta monumentala egin zuen hemen. Lan honen jatorria, beharbada, 1937ko apirilaren 26an egon daiteke, Alemaniako Cóndor legioak Gernika bonbardatu zuenean. Ezkerreko mihisean, Frontea izenekoan, gazte batek gorantz apuntatuz hartzen du fusila, gerrako hegazkinek zerua zeharkatzen duten bitartean. Eskuinekoak, Atzeguardia izenekoak, ama baten eta haren semearen gorpuak eta suntsiketa erakusten ditu, bonbardaketaren ostean. Exodoa, berriz, beste biak baino apur bat handiagoa da, eta, bertan, borrokara doazen gazte batzuen agurra ikusten da, portu batean.

Egile batzuen arabera, Julián de Tellaeche margolariak, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketako Espainiako pabiloian ikusgai jarri zen euskal artearen bildumaren arduradunak, izapideak hasi zituen, Picassoren Guernica lanaren ordez Artetaren Gerraren triptikoa jartzeko. Azkenean ez zuen halakorik egin, ziurrenik Artetak izugarrizko errespetua ziolako Picassori; edozelan ere, anekdota horrek agerian uzten du obra hau oso kontuan hartua izan zela bere garaian.

Artelan honek gerraren krudelkeria eta bizitzaren suntsipena sentsu guztietan erakusten du argi eta garbi. Zerbait aldatuko ote zen Picassoren “Guernica” erakusgai ipini beharrean 1937ko Parisko erakusketan lan hau jarri izan balute? Erakusketako bisitariek hobeto ulertuko ote zuten Gernikan gertatutakoa? Beharbada bai, beharbada ez; ez dugu inoiz jakingo.

Eta zuk, zer uste duzu?

Posted by Idoia Orbe.

email

Tags: , , ,

Deja un comentario

Debes estar logeado para postear un comentario.

A %d blogueros les gusta esto: