EMAKUMEAK ETA AKTIBISMOA GATAZKAREN MUINETIK

Itsasoratze Artibistaren Elkarrizketa Biribilen eta Laborategien hurrengo edizioak hiru nazioarteko mugimendu hartuko ditu: Serbiako Žene u Crnom(Beltzezko Emakumeak), Kolonbiako Ruta Pacífica de las Mujeres(Emakumeen Bide Bakegilea), eta Israel-Palestinako Combatants For Peace(Combatientes por la Paz). Mugimendu bakoitza emakume aktibista batek ordezkatuko du: Stasa Zajovic (Belgrado), Marina Gallego (Medellín) etaTaqwa Attallah (Nablus, Cisjordania) eta Emakumeak eta aktibismoa gatazkaren muinetik du izenburua.

Noiz: apirilak 8 arratsaldez eta apirilak 9 egun osoa (ostirala eta larunbata)

Non: Gernikakko Bakaren Museoan eta ASTRAn

GONBIDATUTAKO MUGIMENDU/KOLEKTIBOAK:

1-1-c5beene-u-crnom-logo

  • Žene u Crnom (Beltzezko Emakumeak): 1991ko urriaren 9tik, asteazkenero, Beltzezko Emakumeak Belgradeko kaleetatik ateratzen dira politikan esplizitua eta kultura patriarkalean inplizitua den militarismoaren aurkako protesta irmoa azaltzeko. Haien kolore beltzak «dolumina adierazten du, jendearen hilketagatik eta giza harremanen, hirien eta naturaren suntsipenagatik». Beltzezko Emakumeentzat, gerra desagertuko da emakumeon aurkako indarkeria, ageria edo ezkutua, desagertuko den unean.

 

  • 2-1-ruta-pacc3adfica
  • Ruta Pacífica de las Mujeres (Emakumeen Bide Bakegilea): 1996an sortutako mugimendu feminista, Kolonbiako gatazka armatuaren irtenbide negoziatuaren alde, gerrak emakumeen bizitzan izan duen eragina bistara dadin, eta Egia, Justizia eta Ez Errepikapenerako oroimen indibidual zein kolektiboaren berreraikuntzan diharduen elkartea da. Bide Bakegilea Kolonbiako bederatzi departamentutako sektore herrikoietako 300 erakundek eta emakumeen taldek osatuta dago. Mobilizazio Sozialaren bidez «gerrarekiko desadostasuna» adierazten dute; eta era berean, «bakea ez dela soilik gatazka armatuaren negoziaketaren emaitza, baizik eta herri, hiri edo eskualde bakoitzaren berreraikuntza moral, etiko zein kulturala» erakusten dute.

 

  • cfp_logo
  • Combatants For Peace (Bakearen aldeko Borrokalariak, CFP): Israeldar soldadu ohiek eta palestinar miliziano ohiek 2005ean sortutako mugimendu binazionala da. Hauek, indarkeriaren zikloan oso erantzukizun aktiboa izan ostean, armak uzteko eta elkarrekin lan egiteko erabakia hartzen dute, elkarrizketa eta indarkeriabako ekintzen bidezko konponbide baketsua sustatzeko. Gaur egun CFPek borroka armatuan parte hartu ez duten aktibistak hartzen ditu barne. Mugimendu honen baitan Ekintza Zuzeneko eta Zapalduon Antzerkiko taldeak gailentzen dira. CFPeko alde palestinarra gonbidatua izan zen aurreko Itsasoratzera baina agintarien bisatuaren murrizketagatik ezin izan genuen ekarri eta berriz ere edizio honetara gonbidatu dugu.
  • AKTIBISTA ORDEZKARIAK:

    • Stasa Zajovic (Belgrad, Serbia): Žene u Crnom edo Beltzezko Emakumeen Mugimenduko sortzailekide eta koordinatzailea (1991tik) da. Serbiako Kontzientzia Eragozleen eta Antimilitaristen Sareko kidea eta Prigovor(“Eragozpena”) aldizkariaren koeditorea. Aurretik, aktibista izana zen Gerraren Aurkako Ekintzaren Zentroan, eta zenbait ekimenen sortzaile ere, hala nola Indarkeriaren Biktima ziren Emakume eta Haurrentzako Sorospen Telefonoa, Belgradeko Emakumeen Lobby-a (Presio Taldea), Emakumeen Parlamentua, eta Hiritar Erresistentziaren Mugimendua; eta bere hastapenetan, Zena i drustvo (Emakume eta Gizartea) taldean parte hartua. 1993 eta 1996 bitartean boluntario gisa aritzen da errefuxiatuen laguntza eta ahalduntzean Mala Krsna, Mikulja, Kovilovo eta Nova Pazova esparruetan. 1997an, aktibismoa eta ezagutza teorikoa uztartu nahian, Emakumeen Sare Bakegilea / Beltzezko Emakumeen Nazioarteko Sarea abiarazten du. Sare honetatik, Jugoslavia zaharreko zein mundu osoko 1800 aktibista elkartzen dituzten 10 nazioarteko topaketa antolatzen ditu; eta halaber, aktibista feminista, bakegile eta antimilitaristak prestatzen ditu. 2006an Kosovoko Emakumeen Sareak eta Serbiako Beltzezko Emakumeen Sareak osatzen duten Koalizio Bakegilearen sorkuntzan parte hartzen du. Koalizio honek bidezko bake iraunkor bat aldarrikatzen du, eta horretarako exijitzen ditu hala emakumeen inplikazioa Bake negoziaketetan eta eraikuntzan nola Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1325 ebazpenaren aplikazioa.
    • Marina Gallego Zapata (Medellín, Kolonbia): Ruta Pacífica de las Mujeres(Emakumeen Bide Bakegilea) Mugimenduaren sortzaile eta koordinatzaile nazionala. Abokatua, Kolonbiako Bakearen aldeko Mugimenduan eta Emakumeen Mugimendu Sozialean 20 urte baino gehiagoko esperientzia duena. Haren gaitasunagatik ezaguna da Giza Eskubideen eta bake eraikuntzaren arloetan, herrialdeko zein nazioarteko mailan emakumeen perspektibatik eragiteko. Zortzi urtez Medellineko Sortzen duten Emakumeak – Bizitzarako Korporazioaren koordinatzaile orokorra izan zen. Bide Bakegilearen lider gisara 10 mobilizazio nazional antolatu ditu zeinetan 40.000 emakumek parte hartu duten; era berean, Kolonbiar Emakume Biktimen Egia eta Oroimenaren Komisioaren proiektua koordinatu du, eta honen talde ikertzailearen kide ere izan da. Ikerkuntza honek gatazka armatuaren testuinguruan emakumeen kontrako indarkerien 1000 testigantza indibidual eta 9 kasu kolektibo biltzen ditu. Bakearen eraikuntzari eta Kolonbiako gatazka armatuaren irtenbide negoziatuari Marinak egindako ekarpenak kolonbiar eta nazioarteko hedabideetan argitaratuak izan dira.
    • Taqwa Attallah (Nablus, Palestina): Combatants For Peace Mugimenduko palestinar aldeko kidea eta aktibisten belaunaldi gazte baten ordezkaria. Bere kasuan, Antzerkiaz baliatzen da indarkeriarik gabeko adierazpen gisara Zisjordanian Israelek dirauen okupazioaren aurka: «Antzerkia hizkuntza unibertsala da, pertsona orok deszifra dezakeena, eta neure ahotsa eta mezua munduari helarazten laguntzen didana.»
email

Tags: , , , , , , , , , , , , ,

Deja un comentario

Debes estar logeado para postear un comentario.

A %d blogueros les gusta esto: